Testuingurua
Zer dira hiri lagunkoiak?
Adinekoekin Lagunkoiak diren Hiri eta Komunitateen Munduko Sareak Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) bultzatutako ekimen globala da, eta Age-Friendly Environments Programme izenez ezagutzen da. Ekimen honek udalerriak eraldatzea du helburua, pertsona nagusiekin lagunkoiagoak izan daitezen. Horretarako, hiri-ingurune integratzaile eta irisgarriak sustatzen dira, zahartze aktiboa eta osasungarria bultzatzeko.
Euskadi Lagunkoia
Euskadi Lagunkoia Sustraietatik Sarea ekimen honen egokitzapena da, Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak sustatuta. Programaren helburua da herritarren parte-hartzea eta sektore publiko, pribatu eta sozialen lankidetza sustatzea, Euskadin ingurune lagunkoiak sortzeko. Sareak inguruneetan herritarren bizi-kalitatea hobetzeko beharrezkoak diren aldaketak errazten ditu.
Erandio Lagunkoia sare honetara batu da, pertsona nagusien ongizatearekin duen konpromisoa agerian utziz.
Atxikitzearen abantailak eta onurak
- Mugikortasuna: oztoporik gabeko kale eta eraikinek aniztasun funtzionala duten pertsonen mugikortasuna eta autonomia hobetzen dute, gazteena zein pertsona nagusiena.
- Segurtasuna: auzoa ingurune seguru bat izateak haurrak, gazteak eta pertsona nagusiak konfiantzaz kalera irteteko aukera emango die, eta edozein motatako gizarte- edo aisia-ekimenetan aktiboki parte hartzeko.
- Familia-laguntza: familiek presio gutxiago jasaten dute pertsona nagusiek laguntza komunitarioa, publikoa eta pribatua eta behar dituzten osasun-zerbitzuak dituztenean.
- Herritarren parte-hartzea: pertsona nagusiek herritarren bizitzan parte hartzea onuragarria da komunitate osoarentzat.
- Tokiko ekonomia: tokiko ekonomiari mesede egiten dio pertsona nagusiek eremu guztietan parte hartzeak.
Metodologia
Faseak
Erandio Lagunkoia proiektua OMEk ezartzen dituen lau fasetan garatzen da, etengabeko hobekuntzaren zikloari jarraituz. Lau fase dituena: diagnostikoa, lagunkoitasun-plana, esku-hartzea eta ebaluaketa. Ebaluazioaren ondoren, ziklo berri bat hasten da, udalerriaren etengabeko hobekuntza ziurtatzeko.
Arloak
Udalerri lagunkoia eraikitzeko metodologia “behetik gorako” ikuspegi batean oinarritzen da, non herritarren parte-hartzea, batez ere pertsona nagusiena, funtsezkoa den. Pertsona nagusiek eta, oro har, herritarrek beren egungo, iraganeko eta etorkizuneko egoeraren azterketan parte hartzen dute, beren zahartze-prozesuarekin lagunkoitzat jotzen dutenari buruzko pertzepzioen bidez egiten dute. Proiektuak hainbat eragileren parte-hartzea bilatzen du, administrazioa, boluntarioak, zerbitzu-hornitzaileak eta merkatariak barne, udalerriaren ikuspegi osoa lortzeko. Analisia zortzi esku-hartze arlotan oinarritzen da, ingurune fisikoaren, gizarte-ingurunearen eta zerbitzuen ezaugarriak biltzen dituztenak. Arlo horiek guztiak elkarren artean erlazionatzen dira; adibidez, ingurune fisikoak osasunean edo parte-hartze sozialean eragin dezake, eta informazioak, berriz, baliabideen eta zerbitzuen erabileran.
