Erandio, 2025eko uztailaren 15a – Erandioko Udalak, Erandio Lagunkoia ekimenaren barruan, sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian, herritarrak etxeetan lapurretak eta ebasketak prebenitzeko, bereziki pertsona nagusiei eta bakarrik bizi direnei zuzenduta.
“No se lo pongas fácil / Erraztasunik ez eman” lelopean, etxeak eta norberaren gauzak babesteko aholku praktikoak eskaintzen ditu kanpainak, informazio-triptiko elebidun baten bidez. Triptiko hori zuzenean banatu da Erandioko herritarren etxeetan, prebentzioa eta segurtasuna indartzeko, batez ere oporraldiaren aurretik.
Materialak gomendio erraz baina eraginkorrak biltzen ditu, hala nola beti giltzaz ixtea, atea ezezagunei ez irekitzea, sare sozialetan absentziak ez iragartzea eta etxean ez dagoenean postontzia husteko laguntza eskatzea. Era berean, gogorarazten da garrantzitsua dela diru kantitate handirik ez gordetzea eta edozein susmoren aurrean Udaltzaingoarekin harremanetan jartzea.


