Erandio-k “Erraztasunik ez eman” kanpaina indartu du kalean lapurretak prebenitzeko bigarren triptiko batekin

Kalean lapurretak prebenitzeko aholkuak

Erandio, 2026ko urtarrilaren 11a – Joan den abenduan, Erandioko Udalak “Erraztasunik ez eman / No se lo pongas fácil” sentsibilizazio-kanpainaren barruan bigarren triptiko bat argitaratu eta banatu zuen, kalean gertatzen diren lapurretak eta ebasketak prebenitzera bideratua.

Uztailean etxebizitzetan lapurretak eta ebasketak prebenitzeko gomendioekin lehen informazio-materiala argitaratu ondoren, kanpainak abenduan bere irismena zabaldu zuen, kalean segurtasun handiagoz jarduteko aholku praktikoak jasotzen dituen beste eskuorri elebidun batekin. Material hori bereziki adineko pertsonei eta kolektibo kalteberenei zuzenduta dago.

Triptikoak egunerokoan arriskuak murrizteko jarraibide argi eta errazak biltzen ditu, eta, gainera, lapurreta baten aurrean zer egin behar den zehazten du.

Eskuorriak, halaber, Udaltzaingoaren (944 67 11 11) eta SOS Deiaken (112) harremanetarako telefono-zenbakiak gogorarazten ditu, prebentzioaren eta edozein gorabeheraren aurrean azkar jardutearen garrantzia azpimarratuz.

Segurtasunaren aldeko kanpaina jarraitua

Bigarren argitalpen honekin, Udalak prebentzioarekiko eta herritarren segurtasunarekiko duen konpromisoa indartzen jarraitzen du, ohitura arduratsuak sustatuz eta autoprotekzioa bultzatuz.

“Erraztasunik ez eman / No se lo pongas fácil” lelopean, kanpainak mezu argi bat helarazten du: eguneroko keinu txikiek arriskuak nabarmen murrizten lagun dezakete eta pertsona guztientzat seguruagoa den Erandio baten alde egiten dute.