Erandio, 2025eko irailaren 4a – Erandio udalerria pertsona guztientzako ingurune inklusiboago eta irisgarriago baterantz aurrera egiten ari da, Erandio Lagunkoia ekimenaren diagnostiko parte-hartzailearen aurkezpen publikoarekin. Aurkezpena datorren irailaren 15ean, astelehena, 11:00etan Gaztetxokon izango da.
Aurkezpen hau funtsezko urratsa eta oinarria da Lagunkoitasun Plana garatzeko. Ekimen hau Udaleko Gizarte Zerbitzuek bultzatzen dute, Bizipoz kooperatibaren laguntza teknikoarekin. Prozesu honen bitartez, udalerriko 300 pertsona baino gehiagoren ahotsak, esperientziak eta proposamenak jaso dira, eta, horri esker, parte-hartzaileek zuzenean identifikatu ahal izan dituzte hobetu beharreko alderdiak, iradokizunak eta beharrak; guztira, 101 proposamen zehatz egin dira.
Diagnostikoa Erandio Lagunkoiaren estrategiaren baitan kokatzen da, herritarren parte-hartze aktiboa eta bizi-kalitatea, bereziki pertsona nagusiena, sustatzeko helburuz. Prozesu hau OMEk ezarritako lan-metodologiaren lehenengo fasea da, guztira lau faseko ibilbide batean. Aurkezpenenean, egindako lanaren emaitza nagusiak ezagutaraziko dira, bai ta proiektuaren etorkizuneko ekintzak bideratuko dituzten ildoak ere.
Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu saio honetan parte hartzera. Orain arte egindako ibilbidea partekatzeko ez ezik, belaunaldi guztientzat atseginagoa, inklusiboagoa eta solidarioagoa izango den Erandio bat eraikitzeko ahotsak batzen jarraitzeko ere balioko du.
Aurkezpena aukera bat ere izango da, prozesuan parte hartu duten pertsona, elkarte eta tokiko eragile guztien inplikazio baliotsua eskertzeko.

