Erandio, 2026ko irailaren 21a. – Erandioko Pertsona Nagusien Kontseiluak hirugarren bilera egin du, Erandio Lagunkoia proiektuaren barruan. Oraingo honetan, Ekintza Planeko lehentasunak zehaztu eta udalerriko pertsona nagusien beharrei buruz hausnartu da.
📝 Ekintza Planeko lehentasunak
Parte-hartze dinamika baten bidez, Kontseiluak datozen hilabeteetan landu beharreko bi lehentasun nagusi identifikatu zituen: pertsona nagusientzako lokalen eta gizarte-zentroen hobekuntza, eta osasun komunitarioa eta prebentzioa.
Gizarte-zentroei dagokienez, hainbat lokalen irisgarritasuna, edukiera, egokitzapena eta segurtasuna hobetzeko beharra azpimarratu zen.
Osasun komunitarioaren arloan, ibilaldi osasungarriak antolatzea, elikadura osasungarria sustatzea eta Osakidetzarekin elkarlana indartzea proposatu zen.
Belaunaldien arteko harremanak eta otorduak partekatzeko ekimenak sustatzeko interesa ere agertu zen.
🤝 Baliabideak eta nahi gabeko bakardadea
Bileran pertsona nagusien zaurgarritasun-egoerak eta baliabideetara iristeko zailtasunak ere aztertu ziren.
Nahi gabeko bakardadea garaiz antzemateko, elkarteen, Gizarte Zerbitzuen, osasun-zentroen eta komunitateko beste eragile batzuen arteko koordinazioa indartzearen garrantzia nabarmendu zen. Era berean, entzuteko, laguntzeko eta harreman sozialak sustatzeko espazioak bultzatzea proposatu zen.
📖 Gizarte Zerbitzuen Gida eta hurrengo urratsak
Gizarte Zerbitzuen Gida berria herritarrengana nola helarazi ere landu zen. Parte-hartzaileek informazioa webgunean eskaintzeaz gain, gizarte-zentroetan, osasun-zentroetan eta beste espazio komunitario batzuetan zabaltzearen garrantzia azpimarratu zuten.
📅 Hurrengo urratsak
Kontseiluak identifikatutako lehentasunak lantzen jarraituko du. Hurrengo bilera azaroaren 5ean izango da, 9:30ean, Gaztetxokoan.

