Erandioko Udalak Erandio Lagunkoiaren diagnostikoa berrezarri du inkesta eta topaketa irekiekin

Erandio retoma el diagnóstico participativo

Erandio, 2024ko urriaren 7a – Erandioko Udalak Erandio Lagunkoia proiektuaren diagnostikoa berraktibatu du, lizitazioaren ondorioz geldialdian egon baitzen. Ekimen honen helburua herritarrentzat lagunkoiagoa eta eskuragarriagoa den ingurune bat sortzea da, eta hori lortzeko, herritarren beharrak eta iradokizunak jasotzeko hainbat ekintza egingo dira.

Irailean herritar guztiei zuzendutako herri-topaketak martxan jarri ziren, eta abendura arte luzatuko dira. Topaketa horietan funtsezko hainbat arlo jorratzen dira, hala nola, aire zabaleko espazioak eta eraikinak, garraioa, etxebizitza, parte-hartzea eta gizarte-sarea, herritarren parte-hartzea eta enplegua, errespetua eta inklusioa, komunikazioa eta informazioa, baita gizarte-zerbitzuak eta osasuna ere.

Era berean, topaketa espezifikoak egingo dira jubilatuen elkarteekin, haien ahotsak eta beharrak ere diagnostikoan sartzen direla bermatzeko.

Gaurtik aurrera, 14 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du inkestetan. Horretarako, gaur, stand bat jarri da udaletxeko plazaren atarietan, herritarrek inkestak aurrez aurre bete ditzaten. Gainera, QR kodeak dituzten kartelak jarriko dira udalerriko zenbait gune estrategikotan, hala nola kiroldegian eta liburutegian. Horiei esker, herritarrek inkesta online egin ahal izango dute, euskaraz eta gaztelaniaz.

Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da Erandion dauden beharrak eta hobetu beharreko arloak identifikatzeko. Horregatik herritar guztiei dei egiten zaie kontsulta honetan parte har dezaten. Parte-hartzea sustatzeko, jasotako inkesta guztien artean Km0 saski bat zozketatuko da, bertako produktuez eta produktu jasangarriez betea.

Erandio Lagunkoia proiektuak, herritarren egungo beharrei erantzuteaz gain, etorkizunerako oinarriak ere ezartzen ditu, pertsona nagusiek eta herritarrek bizitza osoa eta parte-hartzailea izan dezaten.Erandioko Udalak, horrela, herritarrekin elkarlanean aritzeko konpromisoa berresten du, udalerri inklusibo eta irisgarriago bat lortzeko.