Erandio Lagunkoiaren baitan antolatutako saioan, adinekoen eta gazteen arteko etxebizitza partekatuaren aukera ezagutzeko eta zalantzak argitzeko aukera izango da.
Erandio, 2026ko azaroaren 3a –Erandio Lagunkoiaren baitan, azaroaren 18an, asteazkenean, 17:30ean, Gaztetxokoko 1.1 aretoan (Merkatu Zaharra), Bizihabi programa ezagutzeko hitzaldia egingo da. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimen honek adinekoen eta gazteen arteko bizikidetza sustatzen du, etxebizitza partekatuaren bidez.
Hitzaldia Erandioko adinekoek beste bizileku-aukera batzuk eta elkarbizitzarako eredu berriak ezagutzeko adierazitako interesari erantzuteko antolatu da. Gainera, 2026an Erandio Lagunkoiaren baitan egindako «Nola bizi eta zaindu nahi dugu elkar? Bizileku-alternatibak eta zaintza-eredu berriak» jardunaldiari jarraipena emango dio.
Bizihabi: etxebizitza partekatu, belaunaldiak elkartu
Bizihabi Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak sustatutako belaunaldien arteko bizikidetza-programa da.
Ekimenak etxean logela libre bat duten 65 urtetik gorako pertsonak eta aldi baterako bizileku bila dabiltzan 35 urtetik beherako gazteak harremanetan jartzen ditu.
Helburua ez da soilik etxebizitza-aukera bat eskaintzea: belaunaldien arteko harremanak indartzea, nahi gabeko bakardadea murrizten laguntzea eta bi aldeentzat onuragarria izango den bizikidetza sustatzea ere bada.
Adrián López Sarachaga Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Gazteen Emantzipaziorako zuzendariaren hitzetan:
«Bizikidetza bakoitzak bi onura dakartza: gazte batek etxebizitza eskuragarri bat aurkitzen du eta adineko pertsona batek konpainia lortzen du.»
Programak laguntza profesionala eskaintzen du prozesu osoan zehar, pertsonen arteko bateragarritasuna baloratzeko, bizikidetza-akordioak egiteko eta sor daitezkeen zalantzak edo zailtasunak kudeatzeko.
Benetako esperientziak ezagutzeko aukera
Hitzaldian, Maite Perez Bilbao Erandioko Udaleko Gizarte Ekintza eta Garapenerako Lankidetza Arloko zinegotzi ordezkariak eta Beatriz Santamaría Bizipozeko kideak Erandio Lagunkoiak 2026an egindako ibilbidea aurkeztuko dute.
Ondoren, Adrián López Sarachagak Bizihabi programaren nondik norakoak azalduko ditu, eta Kuvu erakundeko talde teknikoak programaren funtzionamendua eta parte hartzeko baldintzak aurkeztuko ditu.
Gainera, Bizihabin parte hartu duten pertsonen testigantzak entzuteko aukera izango da, tartean Erandioko bizilagun baten esperientzia. Saioaren amaieran, bertaratutakoek galderak egin eta zalantzak argitu ahal izango dituzte.
Hitzaldiaren informazioa
- Eguna: Azaroak 18, asteazkena.
- Ordua: 17:30.
- Lekua: Gaztetxoko, 1.1 aretoa (Merkatu Zaharra, Erandio).
- Jarduera: Bizihabi programa ezagutzeko hitzaldia.
Erandio Lagunkoiatik herritarrak hitzaldian parte hartzera animatzen ditugu, bizitzeko eta elkar zaintzeko aukera berriak ezagutzen jarraitzeko.


